HONA HEMEN LANTZEN ARI GAREN IPUINA:
1.- Andoni izeneko mutiko bat baserrian bizi zen bere amarekin
bakar-bakarrik. Ez zeukaten behi bat besterik. Oso behartsuak ziren.
Behin, amak esan zion Andoniri:
– Gastatu zaizkigu diru guztiak. Eta badakizu dirurik gabe ezin dela
erosi, ez janaririk, ez jantzirik eta ez ezer. Zerbait egin beharrean
gaude.
– Zergatik ez dugu gure behi pinttoa saltzen, ama? –galdetu zion semeak amari.
– Bai, Andoni, neuk ere horixe pentsatu dut. Sal ezazu, ba, behia eta ea ekartzen duzun diru pixka bat etxera.
2.- Andoni bere behi pinttoa sokatik zuela irten zen etxetik, eta
bidean gizon batekin topo egin zuen. Eta harixe saldu zion behia. Baina
gizonak ez zion dirurik eman, eskukada bat babarrun baizik.
Andoni etxera joan zenean, eta amari nolako tratua egin zuen kontatu
zionean, oso haserre jarri zen hau, eta gogor egin zion errieta:
– Tontolapikoa, halakoa! Babarrun ale zikin hauen truke saldu al duzu
behia? Ez nuen uste hain seme inozoa neukanik! Ez diru eta ez behi
geratu gara orain.
Eta, amorru biziz, amak leihotik behera bota zituen semeak ekarritako babarrun aleak.
3.- Baina babarrun ale haiek magikoak ziren. Erne eta zeruraino hazi
ziren gauean. Eta hurrengo goizean, Andoni, babarrun landare erraldoi
haietan gora igo zen. Eta ordu asko iragan ondoren, gaztelu bat aurkitu
zuen hodeien gainean.
4.- Gazteluko atean emakume bat zegoen, eta esan zion Andonik:
– Ez zaitut ezagutzen, baina mesede bat eskatu behar dizut. Goseturik nago eta emadazu zerbait jateko.
– Bai, mutiko. Emango ez dizut, ba? Zatoz nirekin barrura!
5.- Emakume hura oso ona zen. Sukaldera eraman eta platerkada handi
bat babarrun eman zion jateko Andoniri. Jaten ari zen bitartean, esan
zion emakumeak:
– Aizu, hau Erraldoi Handiaren etxea da. Eta hark hemen ikusten
bazaitu, preso hartuko zaitu. Jaten duzunean, hemendik alde egitea duzu
onena.
6.- Baina beranduegi zen handik alde egiteko. Orduantxe entzun ziren
Erraldoi Handiaren pauso hotsak. Sukaldera zetorren. Emakumeak, orduan,
azkar eta presaka, labean ezkutatu zuen Andoni, Erraldoi handiak ez
ikusteko.
7.- Erraldoi Handia mahaian eseri zen eta hamar platerkada babarrun
jan zituen. Gero, urrezko txanponez betetako poltsa bat hartu eta haiek
kontatzen hasi zen. Baina dirua kontatzen ari zela, loak hartu zuen.
Andonik, labetik, Erraldoi Handia lo zegoela ikusi zuen.
8.- Orduan, labetik irten, urrezko txanponez betetako poltsa hartu
eta ihesi abiatu zen Andoni. Baina korrika eta presaka zihoala, muturrez
aurrera erori zen. Diru hotsa entzutean, Erraldoi Handia esnatu egin
zen eta Andoniri atzetik jarraitu zion.
9.- Baina laster jaitsi zen Andoni babarrun landare haietatik
behera. Gora begiratu eta lurretik ikusi zuen Andonik erraldoia nola
zetorren goitik behera. Orduan, korrika etxean sartu, aizkora bat hartu
eta, kris-kras, babarrun landareak ebaki zituen. Erraldoi Handia,
ziplo!, lurrera erori eta bertan lehertu zen.
10.- Andonik hartu zuen orduan diru poltsa, joan zen amarengana eta esan zion:
– Hara hemen nahiko diru, ama. Aurrerantzean ez da izango goserik gure etxean.
Esaten dute, handik aurrera, Andoni eta bere ama oso zoriontsu bizi izan zirela.
Eta haiek zoriontsu bizi izan baziren,
gu ere halaxe bizi gaitezela.